Argazkia: Axier Lopez (Hebron. Israelgo armada.) Testua: Unai Vazquez, auzipetutako militante internazionalista eta Biladi Hadi brigadako kidea
Parean dugu Palestinan gehien topatzen dugun kolorea, olibondoaren berdea. Izenak argi dio: gau eta egun oliben ondoan kontrolatzaile lana egiten dutenen berdea. Okupazioaren kolorea, indarkeriarena, subiranotasunaren bortxatzaileena.
Olibondoen hazi berdetik jaiotzen da Palestina, Israel aldiz, oraindik hazituak ez dauden nerabe armatuetatik. Hebrongo kaleetan, kasu, check point-ek edo autobusetan, nonahi, 16 urteak gainditzen ez dituzten soldadu armatuak, okupatzaileak.
Bi kolore posible Palestinako hiriburuko autobusetan, Jerusalemen: gorria israeldarentzat, berdea palestinarrentzat; apartheida. Marra berdea, gaur hala ez dena, Jerusalem ekialdea eta mendebaldea banatzen. Bazterketa. Apartheidaren marra gaur harresi bihurtua, Zisjornania osoa inguratuz, kartzeleratuz.
Koloreen harresia. Hiru jaiolekuentzako hiru kolore: txartel laranja Zisjordanian; marroia Gazan; urdina Jerusalem ekialdean. Koloreen muga kartzelak eraikitzeko. Txartel urdinak bakarrik ematen du mugimendu askatasuna, indar okupatzailearen baldintzen arabera, noski. Marroia eta laranja berdea bihurtzen dira orain PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eskutik, Israelek gainbegiratuta; Israelen kontrola esku palestinarretan, alegia. Berdeak kolore jatorragoaren itxura duela dirudi, eufemismoak, kolorekeriak, zipaiokeriak.
Olibondoaren berdez jantziak han, Kantauri urdinez hemen, arma beltz berberez, itsasoaren beste alde hontan ere, elkartasunean sinisteagatik atxilotzen dituztenak, kartzeleratzen gaituztenak.
Baina berdea esperantzaren kolorea dela konturatu nintzen Aranjuezeko harresi grisetan; independentziarena, eta, bereziki, elkartasunarena.
Gazatik, Jerusalemdik zein Iruñetik sortuko dugu herrientzako eki berde berria.