Argazkia: Axier Lopez (Hebrongo alde zaharra. Goiko pisuetan kolono judutarrak bizi dira, behean palestinarren dendak daude) Testua: Josu Martinez, Zinema zuzendaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
Hebrongo Alde Zaharrean,
zerua itsaso zikin bat dela esango luke Martin Larraldek.
Eta zerua buru gainera noiz eroriko bildurrez ibiliko litzateke Obelix,
Hebrongo Alde Zaharrean.
Astronomoek, Hebrongo Alde Zaharrean,
armiarma sarean barrena aztertuko lituzkete konstelazioak zeruan.
Eta poetek, edertasun jainkotiarraren bila,
begiak itxita begiratuko lukete Hebrongo Alde Zaharrean zerurantz.
Baina Hebrongo Alde Zaharrean bizi diren
palestinarrek, ez dute ezer jakin nahi zeruaz.
Izarren ordez,
botila huts, aulki hautsi, trapu zikin eta
bestelako hondakinak ikusten baitituzte ilargi
beteko gauetan.
Eta lainoek, gehienetan, negargura eta arnasik
eza eragiten baitiete,
negar gasezkoak izaki.
Zorionez, euria ez da hain kaltegarria izaten.
Hebrongo Alde Zaharrean,
euria egiten duenean,
palestinarrei etxea lapurtu dien kolonoren bat
txiza egiten ari delako da bakarrik.