Argazkia: Jon Aranburu (Nabluseko dendaria.) Testua: Joanes Etxeberria, bertsolari eta kazetaria
Güdüka baten ikara doa, karriketan deiadarka
zartatüko den herrarengatik, norbaitek erran dü parka
odol isuri ürrina bada, iragan asteaz geroz
funtsean hala izan da beti, janari banaketa oroz…
Eta gizon hau beti hala da
üdüri trankil, edo ez hain beharbada
libürü bat badü beti esküan
eta leküa arrisküan
ürrin, oihü edo ikarak ere badira libürüan
literatüra ez da fikzioa, dio ororen bürüan
bena ipuinak ez dü aipatzen
nork düan janaria zaintzen.
Bostak bost ments dira, denak otoitzetan
Allahri agur, eta hor dirateke bertan
libürüaren berri ez da jakinen
nihork ere ez dü galtorik eginen
eta entzünen da eztanda
entzünen oihü eta negarrak
sentitüko da mespretxüa
hunkiko da esperantza.
Eta esperantza eztanda entzün da
isiltü dira negarrak
mespretxü oro errespetü da
itzalirik dira garrak
horixe dio kapitülüko, azken erranaldiak
biharko ützi dü irakurketa, jarraikitzen dü biziak.