Anbulatorioan telefonoa inork ere hartzen ez diela-eta, hots egiten dien edozein pertsonarekin ahalik eta hizketaldi luzeenak mantentzen hasiak dira zientoka aitona-amona. Fenomenoa ez da berria, baina krisi garaietan areagotu egiten da. Anbulatorioko eta tabernetako ateak parez pare itxita, farmazietako solasaldiak ez dira nahikoa haien hitz-jarioari bide emateko, eta telefonoa dute geroz eta gehigo guda-leku. Eta, gerra guztietan bezala, biktimak nonahi. Telefono-konpainietako zerbitzu-saltzaileak dira horietako batzuk. “Normalean gu gara hitz egiten dugunok eta bestaldean dagoena deia eteten duena, baina, ai mi amol, hauenak ez du amaierarik”, dio Ofelia Jennifer Ventura Euskalteleko saltzaile peruar ez prekarizatuak. Desagertua zirudien beste espezie bateko kideak, Jehobaren Lekukoak, antzeko sintomak ari dira sufritzen eta bi aldiz pentsatzen hasi dira kroketa egin berrien usaina darien etxeko atea jo aurretik.