Bikotekide egonkorrik ez dutenen protesta jendetsuek eragina izan dute azkenean: Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Hirigune Elkargoak iragarri dute behin betiko ezabatuko dutela COVID-19aren kontrako neurriek eragindako diskriminazioa. “Hemendik aurrera, bikotekidearekin bizi den jendeak erabat debekatuta dauka sexu-harremanak izatea”, irakur daiteke publiko egin duten dekretuan. Bakarrik bizi diren pertsonek martxotik egindako eskariari erantzun diote horrela administrazioek: konfinamenduak eta ondorengo neurri guztiek asko zaildu diete bizimodu sexuala koronabirusa iritsi aurretik Tinderreko errege-erregina-erregine ziren single fucker guztiei. Erabakiak gizarteko beste sektore batengan harridura ere eragin du ordea: “Ahaztua neukan zer zen sexu-harremanen kontu hori egia esan”, azaldu dio hedabide honi duela 14 urtetik ezkonduta dagoen eta hiru umeren ama den Malu Bustia Elorrioko bizilagunak.