“Argi zegoen horrelako zerbait etorriko zela”, “Arduraz jokatzen ez badugu, badakigu zer dagoen”, “Batzuk ez dira kontziente lagunekin trago bat hartzeak zein arrisku dakarren, denontzat”, “Etxean sartuta egon behar badugu, ba halaxe, ez dago besterik”… ETBko kale-inkestetan agertu nahi duten herritarrek hainbat esaldi ikasi beharko dituzte, kazetaria hurbiltzen zaienean boteprontoan botatzeko. Berdin du galdera zein den, erantzunak zerrendako esaldi bat izan behar du derrigor. Konbentzimenduz erantzun behar da, noski, modu sinesgarrian, eta ez kazetariak nahita aukeratu balitu bezala. Horretarako gogor ari dira egiten castingeko arduradunak. Aste honetan jipoi ederra eman diote herritar bati, “zein iritzi duzu ETBko zuzendari nagusiak euskaraz ez hitz egiteari buruz?” galderari “txarto” erantzuteagatik, eta ez aukeratzeagatik, esaterako, zerrendan ageri den “okerrago daude AEBetan eta ez dira kexatzen” moduko bat.