Bertso txapelketak eta Korrika atzeratu egingo dituztela argitara eman ondoren, zenbait ekonomialarik ohartarazi dute burbuila-efektua sortzen ari dela euskal emozioen merkatuan eta egoerari erremediorik jartzen ez bazaio ondorioak tragikoak izan daitezkeela. “Egoera normaletan, euskal emozioen merkatuak fluxu iraunkorra izaten du ohiko kanaletatik –Twitter, Argia, manifestazioak eta elkarretaratzeak…–, baina Barne Emozio Gordinaren portzentaje handi bat gertakari nazionalen bidez jartzen da zirkulazioan. Eta orain, bolada batez BEC bete ezingo dela jakinda eta Korrikarik ez dela egingo, kapital emozionalaren soberakin gehiegi pilatzen ari dira euskaldun autokontzienteenak”, azaldu du Joseba Hastings-Balantzategi ekonomia irakasleak. “Kontuan izan Euskal Herria superpotentzia emozionala dela”, gaineratu du eta honakoa erantsi: “Egoera potentzialki arriskutsuan sartzen ari gara emozio gehiegi biltegietan gordetzen ari garelako”.