Justino Amundarainentzat egun historikoa izan zen joan den ostegunekoa: “Arratsalde osoa neraman gauza handirik harrapatu gabe eta erabakia nuen azkeneko Roslia erre, atxamartak jaso eta etxera joatea”. Zerbaitek kainaberaren muturra okertu zuen arte. “Nola tiratzen zuen ikusi eta segituan jakin nuen hura txol handia izango zela”, esplikatu dio Beranduegiri. Tiraka bi ordu eta erdi pasa ondoren, bere indarren azken mugara iritsita, etsitzeko zorian zegoenean, azkeneko tiraldi desesperatu batekin lortu zuen amuari kosk egin ziona uretatik ateratzea: bi kilo eta erdiko FFP2 maskara erraldoia. “Tamaina honetakoak politikoek-eta erabiliko dituzte”, esan du txantxetan. Amundarain printzipio irmoak dituen arrantzalea da ordea eta, behin harrapatu berri zuen piezarekin argazkia aterata, berriz ere ibaira bota du: “Gauzak aurkitu ditugun bezala uzten saiatu behar dugu naturan, badakizu”.