Gipuzkoar askorentzat turismo-gune ezaguna da Miranda de Ebro: Alde Zaharreko Herriko Tabernak betidanik erakarri izan ditu, eta zer esanik ez hura izatea ur fekaletan kokaina arrasto gehien duen Europako herria. Hori horrela, Realzalez jantzitako jende piloa iritsi da egunotan bertara, partida martxoaren 4ra arte jokatuko ez den arren. Mirandako turismo-bulegotik jakinarazi digute Ebron piragua-ibilaldiak eskaintzen dituzten agentziak eskaerari ezin erantzun dabiltzala. “Gipuzkoarrek ez diote paisaiari so egiten, uretara begira doaz, eta hodi septiko bat ikusiz gero hara hurbiltzen dira, ura pototxoetan jaso eta auskalo zer egiteko”, kontatu digu piragua monitore batek. Realeko jokalari batzuk ere ikusi ditugu ibai ertzean: “Mirandeseko jokalariek Anoetako partidan korrika nola egiten zuten ikusita, pozima bera erabiltzea erabaki dugu, eta hemen gaude, ea Trintxerpetik etorritako zaleek material pixkat pasatzen diguten. Oyarzabali dosi hirukoitza emango diogu…”.