Inauteri garaia iristen den bakoitzean euskaldun guztiek galdetu izan diote beren buruari zer pasatzen den Tolosan: urte osoan munduko jenderik gatzgabeena izaten da eta inauteriak iristean berriz, biharko egunik ez balego bezala egiten dute parranda. “Tolosarren umore-zikloak: ikerketa biofisiko bat” tesian fenomenoaren azalpena eman du Uzturre Herniozabal EHUko ikerlariak. “Pertsona bakoitzak umore kopuru mugatu bat dauka, karkarretan neurtzen dena. Pertsona arrunt batek 200-220 karkar inguru erre ditzake urte bakoitzeko. Bada, tolosarrek ia karkar guztiak inauterietan erretzen dituzte eta gero gabe geratzen dira. Horrek esplikatzen du zergatik diren hain jende zimel eta politikoki korrektoa urte osoan zehar”, azaldu dio Beranduegiri. Salbuespenak badirela ere esan du, baina “zoritxarrez”, kasu isolatuak direla: “Tolosarra bazara, zaila da halako rictus iraunkor bat ez edukitzea. Eta okerrena disimulatzen saiatzea da: Glaukomako abeslariak, adibidez, beltza balitz bezala hitz egiten du, baina argi dago ez duela funtzionatzen”.