Euskal Herriko Eguberrietako Postreen Jardunaldien amaieran, gogoeta-giroa zen nagusi: “Nire pribilegioez kontzienteagoa naiz orain”, adierazi dio Beranduegiri Tomas Litxartegi postrezale durangarrak. Izan ere, hautsak harrotu ditu jardunaldien barruan Kokozko Bonboien Askapenerako Fronteak egindako salaketak. “Urtero bezala, polboroiak, turroia eta mazapanak atzaparka ahoratuko dituzue, baina kokozko bonboiak, gure anaia-arrebak, mahaian geratuko dira. Bazterketa sistematikoa jasaten dugu eta nahiko agerikoa da zergatik: kokoaren jatorri tropikala. Xenofobia normalizatzen ari zarete”. Gozozaleen kontzientziak astindu dituen adierazpen horrekin ez daude denak ados, ordea. Sagar Konpotaren Ligak argitaratutako ohar batean adierazi du “etxeko postreak garela, izatekotan, baztertuenak”.