A-8ko trafikoa berriz ere betiko martxan dabil aste honetan, Durangoko Azoka amaitu ondoren. “Bukatu da infernua”, dio Ertzaintzako trafiko unitateko kide batek. Lau egunez auto-pilaketa handiak izan dira Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen dituen autopistan, Toti Martinez de Lezearen sinaduraren zain zeuden jarraitzaileen ilarak eraginda. “Adin guztietako jendea ikusten genuen zutik. Hasieran ilara Iurretako peajeraino bakarrik iristen zen, baina larunbatean Eibar parean ari ziren galdezka ea nor zen azkena. Eromena izan da”, azaldu du polizia autonomikoko kideak. “Gainera, hainbeste jenderekin azkenean Totiren libururik gabe geratu naiz”, kexatu da ertzaina.