Aldaketa historikoa iragarri du Euskal Telebistak euri-denboraldia hastearekin batera: kateen orain arteko antolaketa bertan behera geratuko da eta aurrerantzean 24 orduz eguraldiaz bakarrik informatuko dute. Maite Iturbe EITBko zuzendariak azaldu duenez, “euskal gizarteari zerbitzu hobea eskaintzea da aldaketa honen helburua”. Meteorologiaren gorabeherez herritarrak ongi informatuta egon daitezen, aurrerantzean ETB1 euriari buruzko kanala izango da, ETB2 txingorraz arituko da eta ETB3k elurra izango du ardatz. “Elurra asko gustatzen zaie haurrei eta ez genuen galdu nahi etxeko txikienekin konexio hori hirugarren katean”, esplikatu du Iturbek. ETB4 berriz esklusiboki Lorentxo Portularrumeren argazkiei dedikatutako katea izango dela iragarri du EAEko irrati-telebista publikoak. 1983ko Bilboko uholdeei buruzko saio berezi batekin abiatuko da programazio berria.