Innobasque agentziako zientzialariek jakinarazi dute katalan eta euskal izaerak trukatzeko formula asmatu dutela. “Hemendik aurrera katalanek egingo dituzte euskaldunen gauzak, eta euskaldunek katalanenak”, azaldu du Selenia Estrontzio ikerketa-buruak. “Pertsona batzuekin esperimentua egin dugu eta funtzionatzen duela egiaztatu. Begira Kataluniari; errepide mozketak, barrikadak, poliziekin ostiaka… Eta euskaldunak? Euskaldunak, linternak hartu eta mendira. Bai bai, euskaldunak beti izan dira mendira jotzekoak, baina helburua ez zen galtzontzillo gore-tex berriak estreinatu eta ilunabarraren selfie super-politak ateratzea. Tira, agian bai, baina ulertzen didazue. Orain mendiak argitzen dituzte elkartasun internazionalistaren izenean. Begira ingurura, azkenaldian ez duzue ohi baino gafapasta eta bufanda gehiago ikusten gaztetxeetan? Ba hori, formulak funtzionatu duela.