Bi astez ikus-entzule guztiak engantxatuta eduki dituen “Udal eta Foru hauteskundeak” telesailak zale batzuen haserrea eragin du: joan den igandean, hauteskundeak nola bukatu diren jakin ostean, sare sozialak sutan jarri dira. “Baina ze mierda da hau?!? PSOEk irabazi du nire herrian?!? Gidoilariak: hil zaitezte” bezalako mezuek milaka bertxio izan dituzte azken orduetan. Asko ez daude ados bozak horrela bukatzearekin eta ekoizleek lau urte barru denboraldi berri bat iragarri arren, animoak ez dira baretu. “Hauteskundeak nik nahi dudan bezala bukatzearen alde” abian jarritako sinadura-bilketak milaka lagunen atxikimendua jaso du dagoeneko. Bestalde, hauteskundeak irabazi dituen politikari batek Beranduegiri adierazi dionez, hemendik aurrera ez dute bulegotik kanpo eszenarik grabatuko: “Aurrekontu guztia xahutu dugu kanpainan, kalera ateratzen garen plantak egiteko chroma key bat erabili beharko dugu”.