Game of Thrones telesailaren atal bakar bat ere ikusi ez duten txiolariak dira sare sozialek inoiz ezagutu duten espezierik astun eta aspergarriena, Udako Euskal Unibertsitateak eta Massachusetts-eko MIT Teknologia Institutuak elkarlanean egindako ikerketaren arabera. Gaizka Izagirre neurozientzialariaren hitzetan, telesaila sekula ikusi ez duen jendeak idatzi du txio gehien #GOT traolarekin. “Pentsatzen dugu dela telesailaren zale sutsuek osatutako gehiengo isilaren aurrean alternatibo plantak egiteko. Badakizue, hor hasten dira: ‘Zer esan nahi dute GOT hizkiek, Gora Trotski?’, ‘Nor da Daenerys Targaryen, futbol jokalari bat?’ Zir isin nihi diti GIT hizkiik, Giri Tritski? Nir di Diiniris Tirgiriin, fitbil jikiliri bit? Benetan, zein astunak diren!”. Izagirrek esan digu asteburuan fenomeno bera errepikatu dela: “Askoz ere matraka handiagoa eman dute hauteskundeez ezer jakin nahi ez zutenek, herri guztietako emaitzen gainean zerbait idatzi duten politologo potentzial horiek guztiek baino”.