Aurtengo Gazte Topagunearen nobedade nagusia aurkeztu du Ernaik prentsaurrean: “Martxoso Matxinatuen Karpa”. Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zenerako HBko zerrenda batean aurkeztuak ziren ezker abertzaleko “gazte” horiei eskainitako espazioa izango da, publiko horrentzat bereziki prestatutako animazioekin: Su Ta Gar eta Alaitz eta Maiderren kontzertuak, burusoil geratu direnentzat “Berreskuratu zure antzinako zimak” tailerra eta pontxo-jaurtiketa lehiaketa (zehaztu dutenez, gasolina gabe egingo da arrazoi ekologikoengatik). Ernaik ofizialki esan du “borrokarako konpromisoa transmititu izana” eskertu nahi dietela dagoeneko adin bat daukaten militanteei. Estraofizialki berriz, zera baieztatu dute: “Karpa egikaritzea zen modu bakarra putoviejo horiek gure festa antolatzen ez hasteko”.