EHUren Musikologia fakultateak plazaratu duen ikerketa batek zientifikoki egiaztatu du La Polla Records taldea omentzeko sorturiko tributu-taldeak dagoeneko benetakoagoak direla La Polla Records taldea bera baino. “Erromeriya efektua” deiturikoak esplikatzen du fenomeno hau, Adi Tinpanotegi ikerlariak esplikatu duenez: “Musika talde batek egindako ekarpena guztiz agortzen denean, haren errepertorioaren potentzial bakarra edozein herriko jaixetan egiten diren erromerietan jotzea da”, bere esanetan. “Eta funtzio hori tributu-taldeek betetzen dutenez, benetako taldea itzultzen denean berbena baten kopia kaskar baten itxura hartzen du”. Ikerketa publikatu ostean, EHUren kontrako atentatu suizida prestatzen hasi dira Evaristoren Testiguak, El Correok zabaldu duenez.