Jatorri eta abizen goierritarrak dituen Juan Guai Do venezuelarrak iragarri du ETB2ko “El Conquistador del Pacífico” lehiaketa berrian parte hartzeko gonbita luzatu diola Iñaki Anasagastiren ile-matazak, eta hari ezezkoa ematea bekatua izanik, plazerez helduko diola enbidoari. Estatu kolpeaz geroztik ezkutuan ibili beharra duenez, webcam bidez eman du erabakiaren berri, Caracaseko Euzkal Etxeko sukaldean prestatu dioten telebista-estudiotik. “Zin egiten dut nire esku dagoen guztia egingo dudala lehiaketa irabazteko, jan berri ditudan kokotxengatik! Abentura honetan ez nago bakarrik. Telebistara itsatsita egongo den lagun ugari dut inguruan, eta ziur haien botoei esker garaipena lortuko dudala. Beasaingo batzokian nire aldeko peña bat ere osatu dute, El Conquis emititzen den egunetan ETB2 nire aldeko whatsapp mezuekin kolapsatzeko.