“Akats baten erruz”, Bilboko Udaleko funtzionario batek hiri osoa salgai jarri du Wallapopen eta Huan Zhao izeneko enpresari txinatar baten jabetza izango da hemendik aurrera. “Nik ez nuen hiri osoa saldu nahi”, azaldu du funtzionarioak, damuturik. “Helburua kale pare bat eta plaza bat saltzea zen, horretan ari gara azkenaldian, baina eskua joan zitzaidan eta hara”. Bilboren jabe berriak oraindik ez du aurreratu zer asmo daukan, baina litekeena da hiri osoa parke tematiko bihurtzea, turistak erakartzen saiatzeko. Lasaitasun mezua zabaldu nahi izan die herritarrei, beraz, Bilboko Udalak: “Ez duzue diferentzia handirik nabarituko orain arte egin dugun kudeaketarekin alderatuta”.