Olentzero tripaundiaren flowak gero eta itzal handiagoa egiten diela-eta, Errege Magoek marketin-estrategia berritzailea prestatzeari ekin diote hurrengo Gabonetarako, haur zein heldu harrapatzeko helburuarekin: zaldi kottauen gainean beharrean, segway-z etorriko dira; azukredun gozokien ordez MDMA pilulak jaurtiko dituzte; “youtuber-influencer” ezagunak gonbidatu dituzte desfilera; feminismoa txertatzeko gogo lanak egiteko infanta pare bat fitxatu dituzte, bozgorailuetan “Trakatan, trakatan” baino Zuriñe eta Franen bideoklip onenen bilduma pantaila erraldoietan jarriko dituzte.

Sare sozialetan indar berezia jarriko dute. Horretarako, umeei eskatu diete euren kontuetatik jostailuen inguruko balorazioak zabaltzeko; Baltasar erregea whatsappeko beltzarekin jarri da harremanetan, biral nola egin ikasteko; Olentzeroren banaketa-sistemaz gehiago jakiteko Elkar-Irrien Lagunak-Ikastolak aldi baterako enpresa elkartearen (ABEE) tailerrak jasoko dituzte. Hori guztia finantzatzeko, Munillak gomendatuta, errenta aitorpenaren orrian “Errege Magoentzako” dioen laukitxoa gehitzea proposatu dute, eliza katolikoaren aldekoaren azpian.