Sabin Etxeak gidatu duen ikerketak erakutsi duenez, Bizkaian %185 hazi da semea Athletic-eko jokalaria izatera hel daitekeela uste duen guraso kopurua. Taldea erakusten ari den jokoa da erantzule nagusia. “Ikusi al duzue nola jokatzen duten? Nire semeak hobe egingo luke, inolako zalantzarik gabe”, esan digu zortzi urteko mutil koskor baten aitak, Pozaseko taberna batean, galtzetan potro bat egokitu bitartean.

Kopuruak, ordea, nazioartean egin du bereziki gora. Ez Gipuzkoan edota Araban, Espainia aldean baizik, baita Kanada, Errusia, Txina edota Saudi Arabiako gurasoen artean ere. Entzun dute, agian, Athleticek filosofia aldatu eta “harrobia” terminoaren definizioa are gehiago malgutuko duela, harribitxiak Samoa eta Tonga uharteetako haitzuloetan bilatzen hasteraino. “Semea baloiarekin malabareak egiten grabatu eta Youtuben jarri dut; ea Lezamako begiraleek hura ikusi eta toketxo bat ematen diguten”, kontatu digu Ati George Sokomanu vanuatuarrak. “Uste dut badituela dohainak aurrelaria izateko, zeren eta Aduritz ostean, enfin…”.