Aurrekaririk gabeko erabakia hartu du Bilboko txikiteroen elkarteak: urtetan tabernaz tabernako erronda gaztelania hutsean egiten aritu ostean, Euskaraldiarekin bat egitea erabaki dute, hizkuntza ohiturak aldatzeko. Baina beraien modura. “Ardobizi” eta “Edariprest” izango dira txikiteroen konpromiso-maila adieraziko duten figurak. “Ardobizi”-ek, nagusiki, ardoa edango dute, baina konprometitzen dira laugarren txikitotik aurrera esaten hasten diren zentzu handirik gabeko gauzak euskaraz esateko. “Edariprest”-ak berriz, nagusiki tabernariak izango dira, baina poteatzen ari den taldea handi samarra denean, barratik kuadrillakoengana edalontziak eramaten dituen txikiteroak ere bete dezake zeregin hori. Bilboko txikiteroek adierazi dutenez, euskararekin konprometitzeko lehen urratsa izango da hau. “Korrika etortzen denean ez dugu lasterka egingo, baina klik egiteko prest gaude, ez egin dudarik”.