Geroz eta ozenagoa bihurtzen ari zen zurrumurrua eta Donostiako Zinemaldiak, azkenik, egia aitortu behar izan du: Sail Ofizialean lehiatzen ari diren zuzendarien erdiak ez dira existitzen. “Liu Jie, Tuva Novotny, Kim Jee-Won, Benjamin Naishtat eta beste zenbait zuzendariren izenak asmatu egin ditugu”, aitortu du Jose Luis Rebordinos festibaleko zuzendariak. “Hain pelikula arraroak bilatzen genituen, azkenean inbentatu egin behar izan ditugula”. Albistea kolpe gogorra izan da aurtengo edizioan derrigor ikusi beharreko film korear eta norvegiarrak gomendatzen aritu diren milaka ustezko zine-adituentzat, baina Rebordinosek adierazi duenez, publikoaren parte handi batek lasaitu ederra hartu du notiziarekin. “Urtero jasotzen genituen kexak, jendeak esaten zigulako tokiz kanpo sentitzen zela Zinemaldian. Ez zituztela ezagutzen ez Sail Ofizialeko zuzendariak, ez pelikulak, ez ezer. Eta pixka bat errudun sentitzen ginen, ezin genuen sekretua gehiago gorde”, adierazi du, negar malkotan.