EHUko geroz eta ikasle gehiagok plagiatzen dituzte beste egileen testuak euren master amaierako lanetan eta unibertsitateko arduradunak kezkatuta daude. EHUk publiko egin duen ohar batean ohartarazi duenez, “plagiatzeak ez du laguntzen kargu publiko bat lortzen, azkenaldiko albisteek kontrakoa iradoki badezakete ere”. Ez du iritzi bera Beranduegirekin anonimoki komunikatu den ikasle batek: “Nik ere plagiatu dut nire master amaierako lanean eta dagoeneko negoziatzen ari naiz lanpostua lortzeko. Ministerio bat emango didatela espero dut, baina Espainiako Kongresuan postutxo batekin ere konformatuko nintzateke”, azaldu digu. Euskal Herrian postu on bat lortzeko aukerarik ikusten ez ote duen galdetuta, zera erantzun digu: “Horretarako EAJn afiliatu behar duzu eta urte pila bat pasa jesuita artean, auskalo zer fabore egiten. Ez du konpentsatzen”.