Jakina da kostaldeko herritarrak egoskor eta berezi samarrak direla. Egun batean aldarrikatu dezakete lur pusketa bat itsasora teila bat jaurtita, eta hurrengoan  ikus dezakete desfile militar bat plastiko beltz batzuen atzean gordeta. “Oso gureak gara”, diote harro. Hain justu, harrotasun ikur direnak ofizial bihurtzeko  urrats berria eman du Eusko Jaurlaritzak, Kontxako estropadako maniobra xelebre eta ika-mika etengabekoak Kultur Ondare izendatuta, jakitun benetan hori  dela zaindu beharrekoa, eta ez lau txaluparen arteko lasterketa zozo horiek. Are gehiago, hemendik aurrera, albokoa abordatzeko saiakerarik egiten ez duen edota kontrarioaren patroiaz epelak esaten ez dituen kluba kanporatua izango dela jakinarazi du Bingen Zupiria sailburuak. “Emakumezko arraunlariek ere hobe dute  jarrera txolin hori alboratu eta ezpatak ateratzea, benetako marinel bati dagokion bezala, bestela Kontxatik kanporatuko ditugu guztiak”, azaldu du Zupiriak.