Irailaren hasieran kapitalismoa suntsitu nahi duten euskal herritarren kopuruak gora egin du nabarmen azken Euskobarometroaren arabera. “Oporren  amaierarekin lotutako fenomeno gisa hartu behar dugu”, esplikatu du Francisco Llare inkestaren zuzendariak: “Jendeak ez du lanera itzuli nahi. Normala da.  Baina aurreikusten dugu lan-ordutegi geroz eta martzianoagoek hilabete bakarrean anulatuko dituztela grina antisistema horiek; gainera, futbola ere hasi da eta  horrek haserre guztiak kanalizatzen ditu”. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak iragarri du Manifestu komunista eta Karl Marxen gainontzeko liburuak saltzea debekatuko duela hilabetez, “jendea ez dadin gehiegi konturatu esklaboak direla eta beren lan-indarra salduz kapitalistentzako plusbalioa sortzen besterik ez  direla ari”. Confebask ados dago neurriarekin.