Abuztuaren 27an, goizeko 7:00etan, hilabetez itxita egon diren lantokietako ateak oraindik zabaldu gabe zeudenean dozenaka aita topatu ditugu ilara egiten, praketan kabitu ezinik. “Ia 30 egun pasa ditut etxekoekin, ho-gei-ta-ha-mar! Izugarri maite dut txikia, benetan esaten dizut, pertsona hobea egin nau eta hori, asko ikasten ari naiz… baina ño! hau gogoa neukana lanean hasteko!”, kontatu digu Zigor Zabalak. Atzean daukan Amets Itoartek xanpaina dakar besapean, kiroldegiko inskripzio orriarekin batera. “Guztiok behar dugu gure espazioa. Horregatik egingo dut kiroldegiko bazkide txartela, erosiko dut karreratako bizikleta berria, Nordic Walking egiten hasiko naiz eta izena emango dut irakurle klubean”, dio hunkiturik. Ilaran hirugarrena, Lolo Gichi kulote berriak jantzita etorri da lantokira: “Ni, bizikletan ibili gabe, me muero” –esan digu– “eta badakizu, umea zoriontsua izateko aita pozik egon behar da”. Ateak irekitzean saltoka sartu dira hiruak, eta euren jarleku eta ordenagailuak muxukatzen hasi dira. Kafe garaian, Comunioko fitxaketez eztabaidatu bitartean, Porrotxen panpinari su eman diote.