Aginagako angulagileek baieztatu dutenez, Brasilgo futbol selekzioaren Munduko Txapelketako lehen partiduan Neymarrek buruan zeraman beraien produktu berria: angulak curryarekin. Uda honetan merkaturatuko dute Euskal Herriko eta atzerriko gastroteka guztietan dastatu ahalko den plater berria eta Neymarrek erakutsi dio munduari esklusiban. “Mota honetako promozioak garestiak izaten dira, baina Shangaikoei saltzen dizkiegun angulen etekinekin bageneukan marjen pixka bat… grabatzen ari zara? Em… esan nahi nuen, kreditu bat eskatuz lortu dugula”. Gastronomian adituek uste dute turisten artean arrakasta ziurtatua daukala produktu berriak: “Pasta nazkagarri batekin egindako gula horiek funtzionatu bazuten, nola ez dute honekin kiloka salduko?”.