EAJk irabaziko ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeak datozen 50 urteetan eta gainera boto-asmoan gorantz egingo du etengabe, EITBk Gizakerbeltz ikerketa zentroari eskatutako inkestaren arabera. Kate publikoak iragarri du inkestaren emaitzak esplikatuko dituela datozen aste, hilabete eta urteetan, informatibo bakoitzean ordu erdiko tartea eskainiz. “Garrantzitsua iruditzen zaigu euskal herritarrei esatea zer bozkatu behar duten, ejem, barka, zer bozkatzeko asmoa agertzen duten inkesta honetan”, azaldu du Xabat Usabataga informatiboetako aurkezleak. EH Bilduk salatu du inkestak sukalde-lan handia zeukala: “Galderetan ez da kontuan hartu gu EAJren alternatiba izan gaitezkeenik”, adierazi dute ohar batean. Jeltzaleek komunikatuari haserre erantzun diote eta EH Bilduk zehaztu du “brometan” esan dutela.