“Kazetariak Pagozelain ikusi eta dardarka hasten naiz, ziminoak jota”, esplikatu du Farlo Abio de Pitxumin gasteiztarrak. Urte berriarekin kokaina esnifatzeari utzi nahi zion eta horretarako  mentalki prestatzen ari zen: “Koadrila berria ere egin dut, kirolariak denak, jende sanoa; baina ETBrekin ezin da”, azaldu du. Ez da egoera horretan dagoen bakarra, “Elurteei buruzko albistegi monografikoen eragina euskaldunen droga-kontsumoan” txostenak argitara eman duenez, ETBren informatiboak ikusteak problema bereziak eragiten ditu desintoxikatzerako orduan, telebista autonomikoak etengabe iradokitzen duelako “kokaina zerutik erortzen den mundu bat”. ETBko arduradunak ez datoz bat iritzi horrekin: “Egia da gure albistegiek erakusten duten errealitatea gertuago dagoela Teletubby-en saio batetik, baina Jaurlaritzak oraindik ez digu agindu esateko droga doan izango dela”.