Hainbat kilometroko auto-ilarak izan dira Euskal Herriko institutu eta eskolen inguruan, zenbait irakaslek ez dutelako gogoratzen lantokia non dagoen eta noraezean dabiltza irakaskuntza zentro  batetik bestera galdezka. “Hainbeste denbora pasa da lanera azken aldiz etorri nintzenetik, errepideak aldatu dituztela”, esplikatu du Zorion Lapitz lehen hezkuntzako irakasleak Laudiora bidean.  Dagoeneko Leioako eta Lesakako eskoletatik pasa da, baina nahiko argi dauka lehen ez zuela hor lan egiten. “Herria ‘L’ letrarekin hasten zen baina, jo, ez dakit”. Fenomenoa ez dela kezkatzekoa  esplikatu du Izadi Txapastegi EHUko Antropologia irakasleak. “Euskaldunen artean hibernatzeko ohitura ez dago oso zabaldua, baina irakasleen espezieak ekaina iritsi bezain pronto egiten du.  Normala da hainbeste denbora pasa ondoren esnatzean pixka bat nahastuta egotea”.