Zenbait talde animalistak irmoki gaitzetsi dute sanferminetako entzierroetan zezenak xaxatzeko Diario de Navarra erabiltzea. “Paragrafo bakoitzean Aldaketaren Indarren aurkako gezi bat du egunkari horrek; abere gizajoek sekulako mina hartzen dute pozoidun dardook beren larruan jotzean”, argitu digu Unai Abereain ekintzaileak, “guztiz zezengabea da”.

“Entzierroen aurka gaude”, gaineratu du Abareainek, “baina egitea beste erremediorik ez badago, mesedez, animalia jotzeko erabil dezatela Gara bederen; Udalari ematen dioten koipeari esker askoz leunagoak dira kolpeak”. Zezenen iritzia jasotzen saiatu da Beranduegi, baina haien kortara bidali dugun bekaduna ez da oraindik bueltatu eta ez dakigu ba. Bestalde, zezenen aurkako irainak euskaraz izan daitezen potrokoloa ia prest dagoela esan digute udaleko iturriek, eta ura ematen digute gainera.