Utikan patata tortilla eta solomo pintxo ziztrinak Eusko Legebiltzarreko kafetegitik. Txarli Prieto PSEko parlamentariak proposatuta, eta 6.000 euroren truk, Basque Culinary Centerreko adituek ganorazko pintxoak eta menuak egiten irakatsiko diete bertako langileei.

“Goi mailako politikak goi mailako sukaldaritza behar du”, argudiatu du Prietok, “orain arte eman diguten janari eskasarekin nola egingo genuen ondo gure lana?”. Ados egon dira Legebiltzarreko Mahaiko EAJko kideak. Tripa egoki beteta, benetan herritarren mesederako erabakiak hartzen hasiko direla hitz eman dute jeltzale eta sozialistek. EH Bilduko ordezkariak kontra bozkatu du, batetik barazki-jalea delako eta bestetik izorratzearren, eta Podemosekoa abstenitu egin da, ez delako ez ezkerrekoa ez eskumakoa.