Mario Fernandez harrapatu dute Bilboko ile-apaindegi batean burua ilehori platino kolorez tindatzen eta, behin lan hori bukatuta, koroa txiki bat jantzita kalera ateratzen. Zuzenbide-adituen arabera, Kutxabankeko presidente ohiak guztiz aldatu nahi du bere burua defendatzeko ildoa “Cabieces auzia”n, azken tendentzia monarkikoei segiz. Estrategia berriaren lehen urratsa Espainiako Cristina infantaren itxura hartzea da , ondoren “nik ez nekien ezer, paga dezala kontua ondoko pringau honek” esateko, betiere gure iturri juridikoen ustez. Bestelako iritzia du moda kontuetan aholkulari dugun Leire Nabarnizek: “Mario Fernandezek bi aukera zeuzkan bere Corleone-style zaharkitu hori aldatzeko: bibotea luzatzen utzi eta Super Marioren antza hartu ala Madonnak markatutako kanona jarraitu. Argi dago ‘anbizio ilehoria’ren aukerak askoz trendyagoa dela”.