PSOEko Idazkaritza Nagusirako hautagai izango dela iragarri eta astebete ere pasa ez denean, Patxi Lopezen aldeko atxikimenduak erritmo frenetikoan ari dira ugaritzen. Dagoeneko PSOEko kide bat konbentzitu du lehendakari ohiak. “Berak salbatuko du gure alderdia hondoratzetik”, azaldu dio Beranduegiri Patxista sutsu gisa agertu den PSOEko kideak. “Alderdia demokratizatzen lagunduko du, izan ere, Patxi buruzagi izan daitekeen alderdi batean literalki edonor izan daiteke nagusi”. Bestalde, Bilboko Metroko iturriek adierazi dutenez, haserrea eta mina eragin die Lopezek bere hautagaitza aurkezteko iragarpena Madrilen egin izanak. “ETAren iragarpenaren ostean egin zuena ikusirik, esperantza genuen hurrengo adierazpen historikoa Kabiezes eta Gurutzeta arteko linean egingo zuela. Oso triste gaude. Baina oso, oso”.