Selekzioaren partidan San Mames erdi hutsik ikusita penaturik sentitu zinenetakoa baldin bazara, trankil, 2017an ez da irudi bera errepikatuko. Ofizialtasunaren aldeko plataformak iragarri du Gabonetan futbolin bat jarriko dutela Bilboko Albiako lorategietan, eta hortxe jokatuko duela selekzioak. “Zelaia lepo betetzea desio dugu”, adierazi du plataformak. “Mahaiaren bueltan dozena bat pertsona biltzen badira, erronka aise gaindituko dugu. Ea eguraldiak laguntzen duen eta jendea ez doan zaharrera poteatzera”. Lurralde guztietako zaleak erakarri aldera, berdez margotuko  dituzte egurrezko 22 figurak: EAEkoak izango dira alde batean, eta Nafarroa eta Iparraldekoak bestean. “Ez dugu inor baztertuko”. Ekimenaren berri izatean “Gora Euskadi askatuta!” egin du oihu Andoni Ortuzarrek, 2020an Espainiako selekzioak San Mamesen jokatuko duen partidarako Internetez sarrera bat erreserbatzen zuen bitartean.