(pasa den asteko benetako gertakari batean oinarritua)
Gasteiztik datorkigu notiziya. Amadeo Zurruparena Itoarte Ertzaintzako sarjentua bere burua atxilotzen saiatu zen joan den asteburuan, baina ez zuen lortu. “Oso mozkor nengoen eta neure buruak ihes egin zidan”, azaldu dio Beranduegiri.

Taberna batean arratsaldea igaro eta gero, kamuflatutako autoan zihoala konturatu zen Zurruparena “zerbait arraro” gertatzen ari zela. “Semaforo baten aurka hirugarren aldiz jo eta gero pentsatu nuen nire jokabidea susmagarria zela”, dio sarjentuak; “holako gauzak detektatzeko trebatzen gaituzte Arkauten, ba al zenekien?”, gaineratu du konplizitate keinua eginda. Zurruparenak ez zuen izan Zurruparena atxilotzen saiatzea beste irtenbiderik. “Erreflexuak ez nituen ondo ordea, eta ihes egin nion neure buruari. Dena den badakit susmagarria non bizi den eta lehenago edo geroago harrapatuko dut, espero ez duenean, kar kar”.

Jaurlaritzako Barne Sailak berehala zabaldu du gertakariari buruzko balorazio-oharra. “Hau bai larria, eta ez Cabacasena!”, adierazi dute, eta ertzain zurrut-zalearen kontrako neurri diziplinarioak iragarri dituzte: “Auto-atxiloketa ikastaro trinkoa egitera bidaliko dugu Mossadekoengana, hurrengoan bizkorrago ibil dadin”.