Duela bizpahiru aste Su Ta Gar taldearen disko berriaz (Maitasuna oso jevia da) hitz egin genizuen Beranduegin. Inspirazio bila euskarazko prentsa guztia goitik behera irakurtzen duenez, Charles Urkixotek ez zuen aukera galdu diskoa eskuratzeko. Bi euro eta erdian erosi zion emazteak Bilboko Alde Zaharreko Top Mantan. “Negoziatzen onak dira, ematen ez badu ere, beltz horiek oso abilak dira. Melillako hesiak labanez josi ditugu eta begira! hemen daude halere”. “Bilduk bandera espainola udaletxe guztietan jartzeko borondatea badu, zergatik ez dut nik Su Ta Gar entzungo? Garai politiko berriak dira, titi!”, esan zion Urkixotek, Eraztunen Jauna filmean Gollum-ena egiten duten aktorea zelakoan,autografo bila inguratu zitzaion umetxoari. Helegite eta isun berriak bururatzen ez zaizkion momentu txar horietan Jo Ta Ke abestia oso lagungarri egin zaiola aitortu du errekor guztiak hautsi dituen Laudioko seme kuttunak.