Sakoneko aldaketak iragarri ditu ETBk Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztutako saio arrakastatsu eta exitosoan. “Kontatzen diren txiste guztiak euskara hutsez izateko erronka ipini diogu geure buruari”, azaldu du Miren Garbiñe Jatorrarena ETBko euskara arduradun berriak, oraindik baikortasunez beteta. Ezinezkoa dirudien xede hori lortzeko, aparteko aholkularia izango dute: Kike Amonarriz. “Argi geneukan euskal txistegintzaren punta-puntako espezialisten laguntza behar genuela; azkenean, baina, Kikerekin konformatzea beste erremediorik ez dugu izan”.

Bestalde, Zuhaitz Gurrutxagari izena aldatu eta aurrerantzean Arbola Gurrutxaga izateaz pentsatzen ari dira, “behin irakurri genuen Jakoba Errekondoren artikulu bat dela eta”. Noizean behin ematen dituzten kamera ezkutuko programa horietako barreak ere euskarazkoak izan daitezen proiektu bat aztertzen ari dira, “baina auskalo aurrekontua izango dugun hainbeste ordu bikoizteko”.