Espainiako indar armatuen eguna, Kolon Amerikara iritsi zenekoaren urtemuga… Ezin ukatu: egun berexi-berexia da urriaren 12a. Bai, ados, ARGIAn duela urte batzuk erabaki genuen egutegi ofizialak dioenaz paso egin eta egun horretan lan egitea –ez preseski ordu estrak oso ondo kobratzen ditugulako, dena esan behar bada–, baina gauza bat da hori eta beste bat espainiarren jaiarenganako gutxieneko begirunez ez jardutea. Horregatikan, protokolo berezia aktibatu genuen joan berri zaigun Pilarika egunerako: guztiok desfilean sartu ginen lantokira, eta derrigorrezkoa zen zuzendaria ikusi bezain laster agur militarra egitea (batzuek politiko-militarra hautatu zuten, ez gara hain zurrunak, aizue). Janzkerari dagokionez, askatasun handixeagoa izan zen. Hala, espainiar armadako trajea ekartzea gehiegizkoa iruditzen zitzaienei bide alternatiboa eskaini zitzaien: ertzainez jantzita etortzea. Armadako trajea hobetsi zuten denek, berdea ekologikoagoa dela argudiatuta.

Uztailaren 14an ere normal-normal egin genuen lan, baina bazkarian tortilla frantsesa jan genuen denok, zuzendaritzaren gomendioz eta hola.