Erein argitaletxeak Cristiano Ronaldo Real Madrileko aurrelari apalaren irudia baliatuko du Anjel Lertxundiren Zu eleberriari publizitate apur bat egiteko. Zehazki-mehazki, jokalari ospetsuak golak ospatzeko egiten duen orroa izango da kanpainaren leloetako bat: “Zuuuuuuuuuuuuuu!”, hamalau u-rekin.

Beste leloa jokalaria bera izango da.

“Askok pentsatuko dute ezetz, baina uste baino lotura handiagoa dago nobelaren eta jokalariaren artean”, esplikatu du Erein argitaletxeko marketing arduradunak zoroetxera bidean zela, “adibidez: liburuak ez du orrialde bat bera ere sobera, eta beste horrenbeste esan daiteke Ronaldoren gorputzaz; ikusi dizkiozue abdominalak?”. Real Madrilek hamaikagarren Europako Kopa irabazi berri duela eta eurei ideia hamaikagarren kopa hartu ostean otu zitzaiela argudiatu dute Ereinekoek, halaber.

Jokalariaren hurbilekoek onartu dute arraroa dela inoiz eleberri bat irakurri ez duen norbait arduratzea haren sustapenaz, baina tira, behingoagatik…