Euskaltzaindian ba omen dago lan egiten duen jendea. Ez oso gustura ordea. Joan den astean kalera atera ziren berriz ere, zuzendaritzak ezarritako lan baldintzengatik protesta egitera.  “Hitzarmena aldatzen digute hiru egunero, ta hola ezinleike”, aldarrikatu du Elixabet Perpaus enpresa batzordeko kide txit agurgarriak; “aurrekoan Etxeparek insomnioa zuela jakin zuten eta gaueko txandak egitera behartu gintuzten; kataforaraino gaude!”. Daborduko hainbat lanuzte egin dute, baina ez dute lortu greba orokorrera deitzeko langileen arteko adostasunik. “Batzuek  huelga lehenesten dute eta…”. Zuzendaritzak, berriz, honakoa argudiatu du: “Guk tradizioaren defentsa irmoa baizik ez dugu egin nahi… momentuz”. BERANDUEGIk elkartasun osoa agertu nahi die borrokan dauden langileei; aurrerantzean, haiekiko sinpatiaz, ortografia hutsak egingo ditugu. “Ziur” hatxerik gabe idatziko dugu, konparazione.