Arnaldo Otegi kalean libre ibiltzeak eragin du lehen lurrikara euskal politikan: ezker abertzalearen barruko zatiketa. Izan ere, Sortuko ehunka kidek alderdia utzi eta JODER eratzea erabaki dute: Jada Otegiz Desengainatutako Euskaldun Radikalak. “Erabat suminduta nago, ez zait kiniela tokatu, eguraldi petrala egiten jarraitzen du, A8ak kurba eta radar pilo bat du oraindik, Goenkale ez da itzuli eta semeak berriro atera du zero matematiketan”, kexatu da Sutagar Etxaburu alderdi berriko bozeramailea, “horretarako ez genuen Otegirik behar!”. JODERek bere lehen ekitaldirako deia egin du dagoeneko: Sorturen karnet apurketa nazionala. Aberri Egunean izango da hitzordua, Anoetako izotz pistan, “Utikan lider karismatikoak, emaitzak nahi ditugu ya!” goiburuarekin. Momentuz atxikimendua adierazi dute belodromora sartu ezinik euri -jasaren ondorioz katarroa harrapatu zuten ehunka lagunek, BERANDUEGIn praktiketan dabilen batek jakin izan duenez.