Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztu du jendaurrean Euskararen Txantxangorria, hizkuntza sinbolizatzeko bokazioa duen txoria. Presentzia mediatikoaren ondorioz hegaztiak galdera askori erantzun behar izan die eta presioek eraginda BERANDUEGIri aitortza esklusiboak egin dizkio: “Telebistako anuntzioan txori asko ageri dira hegan, baina ni ez naiz horietako bat. Txikitatik Arantzako ahatea banintz bezala elikatu ninduten eta horrek atrofia muskular sendaezinak eragin dizkit. Ezin dut hegan egin eta beldur naiz kanpaina hau amaitzen denean ez ote nauten foie gras egiteko erabiliko”. Adierazpenak ezagutu eta beherala, Begano Euskaldunen Biltzarrak erabaki du ez duela gehiago Euskararen Txantxangorria erabiliko.