Gorputzaren gaineko diktadura publizitatean

Goiko bideo  Killing Us Softly (Gu leunki akatuz) dokumental sortaren zatia bat da eta lan hauen 4. atalari dagokio. Esteka honetan duzue lan osoa ingelesez ikusgai. Lan hauetan komunikabideek, zinemaren industriak eta publizitateak emakumeengan duten eragina aztertzen ditu Jean Kilbournek. Euskaratu dudan bideoan egileak 5 minututan oso era argigarrian azaltzen du publizitatearen industriak garatu duen boterea. Gure begietara zer den ederra eta zer zatarra erabakitzea lortu du publizitateak azken hamarkadetan, eta egoera honek gure harremanetan sortu duen kalteaz dihardu.

Azken hamarkadetan neurririk gabe garatu da publizitatearen mundua, masa-komunikabideen ezinbesteko laguntzarekin. Espainiako Estatuan egunean, bataz beste, ia 4 ordu egoten gara telebistari begira. Bai, gezurra badirudi ere, 220- 240 minutu artean. Gazte eta nerabeen kasuan, gainera,  kopuru hori handiagoa da. Telebista, ordea, iragarkientzako beste euskarri bat besterik ez da. kalean, busean, komunean… bizitzaren ia esparru guztietan aurki dezakegu irudi bat kopeta aurrean. Hiri eta herrien arteko aldeak kontuan hartu gabe, egunean 1600 eta 3000 iragarki komertzial inguru jasotzen ditugu. Eta publizitatearen irudi horietan guztietan erregina emakumearen gorputza dugu. Edozer saltzeko moduko amarrua da gorputz emea. Izan gizonak gidatzen duen kotxearen kopilotu, izan bideoklipeko protagonista raperoaren inguruko dantzariak, izan konpresa hegalarien aurpegia edo desodoranteak euliak bezala erakartzen dituen aingeruetako bat. Beti erosgai. Beti desiragarri. Beti eder. Baina modeloak beti hala egotea ezinezkoa denez, garai hauetan publizistek badute, kosmetikoek lortu ez dutena eskuratzeko ezinbesteko laguntza: Photoshop jainkoa. Publizitatearen jukutria digitalak aztergai jarrita, gizarte kapitalistaren arazo nagusietako bati heltzen dio Kilbournek: itxurarekiko obsesioa. Lanak emakumeengan jartzen du arreta baina gizonentzako balio bera duen mezua eskaintzen du.

[3. eguneraketa]
Onintza Irureta lankideak pasa digu AEBko arropa marka honen erreferentzia: American Apparel. Publizitatearen inposaketari buruz post honetan azaltzen saiatu garena irudikatzeko adibide ona da. Haien iragarki guztiak helbide honetan dituzue: www.americanapparel.net/advertising. Emakumeak eta gizonak erakusteko eran oso alde nabarmena dago. Hau dela eta interneten horri buruzko parodioak agertu dira: If men posef like female american apparel models

[2. eguneraketa]
Leire Narbaizak iruzkinetan utzitako mezuari esker “Il Corpo Delle Donne” dokumental italiarra gomendatu digu. Azken urtean sare sozialetan asko mugitu den bideo interesgarria.

[1. eguneraketa]
Post hau idatzi bitartean iragarki honekin egin dut topo. Garai hauetan dena negozioa egiteko modukoa denez, goian azaldutakoaren kontra egoteari ere etekin ekonomikoa atera ahal zaio. Hona, adibide gisa, orain 2 urte inguru Dove enpresa ezagunak egindako iragarki bat:

2 iruzkin - “Gorputzaren gaineko diktadura publizitatean”

  1. Benetan ona da bideoa. Badago beste bat Italian egina “Il corpo delle donne” http://www.youtube.com/watch?v=qILQiij7VN4 telebistan azaltzen diren emakume ereduez. Hau ere oso ona.

  2. Bai, hori ere oso txukuna da, fitxatua nuen baina 25 minutukoa denez eta Italiako telebistari oso lotua, euskaratzeko hau hobea iruditu zitzaidan. Baina bai, oso gomendagarria hori ere. Gainera sare sozialetan erdarazko bertsioa dexente zabaldu da gure artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.