Kale borrokaren garaia da

Nola da posible, baina? Bolo-bolo dabil galdera, Andaluziako parlamentura VOX sartu zenetik 400.000 lagunen babesarekin. Hasieran, freaky-tzat hartutakoa, orain kezka orokorra omen: Amurrioko PPko zinegotzi eta parlamentari ohi batek sortutako alderdia. Irango CNRI talde armatuak –AEBen interesen aldeko txotxongiloetako bat– emandako diruarekin, besteak beste.

Andaluziaz ari garela, ezin egoera zehatza alboratu. Frankismotik hona, Andaluziak ez du ezagutu PSOErena ez den beste aginterik. Espainiako Estatuko lurrik emankorrenean langabezia, prekarietatea, kazikismoa eta ‘entxufismoa’ Andaluziaren sinonimo bilakatu dira. “Ezkerraren” agindupean. Eta, azken urteotan, inoiz baino ageriago haizatu dizkiote lotsak erregimenari: 89 kargu zigortu dituzte 692 milioi euro publiko desbideratzeagatik, bi presidente ohi akusatuen eserlekuan daude, ustelkeriarekin lotutako 13 makro-epaiketa daude zain, tartean langabeziari aurre egiteko ziren ehunka milioi publiko poltsiko pribatuetara bideratzeagatik –ERE kasua– eta Faffe fundazioarena: langabetuak laguntzeko fundazio publikoa zena, agintari “sozialisten” lagun eta gertukoei karguren bat emateko agentzia bilakatu izanagatik, tartean kreditu txartel ofizialekin prostitutatan eta hainbat drogatan xahututako milaka euroak. Inputatuen artean daude, nagusiki PSOEko kideak, baina baita CCOO, UGT, IU eta PPko kideak ere. “Ezkerraren” ekarpena hori izanik, nola kezkatu orain eskuinaren etorreragatik?

Baina hau ez da Andaluziako kontua, bakarrik. Kapitalismoa garatuen dagoen “lehen munduko” herrialde guztietako joera da. 1980ko hamarkadatik hona, ezberdintasunak eta arrakala soziala handitu besterik ez dira egin. Are abaila handiagorekin, krisi ekonomikoz jantzitako kapital-metaketaren ostean. Merkatuaren menpeko sistema, bertsio liberal ala neoliberalean, ziklo berri batean sartzen ari da. Epe honen ezaugarri nagusia autoritarismoa da. Berregituratze horretan, alderdi politiko berriak sortu eta berpizten ari dira helburu argi batekin: sektorerik prekarioenak motzean lotzea, noiz eta ezkerreko indarrentzat abagune interesgarria izan litekeen krisi giro ezegonkor honetan.

Hala, autoritarismoaren aro honetan, ezinbesteko bilakatu dira Abascal eta Casado, Macron eta Le Pen, Bolsonaro eta Bannon; beharrezkoak Europan Salvini, Duda, Orban, Batten, Akesson, Strache, Gauland, Halla-aho, Heinz-Christian eta enparauak.

Tokian tokiko egoeraren berezitasunak berezitasun, XXI mendeko faxismo moderno” honek ez du svastikarik edo juduen aurkako aldarririk behar, baina ohiko jardunaren funtsak bere horretan dirau: gutxiengoen aurkako erra da pizgarri nagusia. Izan migratzaile, separatista, feminista, marikoi ala burokrata. Asmatutako nazio eta identitate monolitiko, hertsi eta baztertzaile bati helduta, etsaiak sortzen dituzte batasunerako akuilu bilakatuta.

Arriskutsuena, ordea, ez da pentsaera edo antolakunde hauen existentzia. Ideia xenofoboak, arrazistak, matxistak, supremazistak edo frankistak arrazoiaren indarrez garaitu daitezkeela ez badugu sinesten, gureak egin baitu. Arazoa da ideia horien normalizazio prozesua, espazio publikoan gatazkaren bitartez, konfrontatu beharrean, instituzioen barruko “joko arau demokratikoaren” afera gisa tratatzea.

VOXeko Andaluziako eledunari kasu egin eta mugimendu feminista “kale borroka’ egitera atera zen, faxismoarenak eta ultra-eskuinarenak bakarrik izandako proposamenak gizartean normaltasun osoz barneratu aurretik. Baita gure “euskal oasian” ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.