Alkate izatea negozio borobila da

Soldata publikoen neurriak beti eragin izan du eztabaida. “Asko al da herriko alkateak kobratzen duena?”, “gurea bezalako herri txiki batean hainbeste ordaindupeko zinegotzi, zertarako?”, “zer da soldata duina?”… hauteskundeen osteko ohiko kezkak izaten dira. Eta azken urteotan ustelkeria politikoa herri kirol bilakatu delarik, publikoarekiko begirada zorroztu zaigu denoi. Bada, aste honetan Espainiako Lurralde Politikako eta Administrazio Publikoetako Ministerioak alkateen soldata publikoak argitaratu ditu. Eta horrek, jakina, zeresana eragin du. Gurean, argazki osoa izateko Ipar Euskal Herriko datuak eta Nafarroakoak –harritzekoa da, baina Espainiako Gobernuaren datuetan ez da Nafarroa azaltzen–  beharko genituzke, baina EAEko alkateen soldatatzarrek berretsi dute politikagintza instituzionala negozio borobila izaten jarraitzen duela.

Madril eta Bartzelonako alkateen ostean, Bilboko Juan Mari Aburto da diru gehien zakuratzen duen alkatea: 91.318€. Ondoren daude Donostiako Eneko Goia (83.870€), Gasteizko Gorka Urtaran (81.860€), eta segidan, hiriburu batekoa ez den lehen alkatea, Getxoko Imanol Landa (7. postuan, 79.151€). Zerrendako goiko postuetan ondokoak ere badaude: Basauriko Joseba Andoni Busquet (15. lekuan), Barakaldoko Amaia del Campo (17.), Erandioko Joseba Goikouria (18.), Durangoko Aitziber Irigoras (20.) Galdakaoko Ibon Uribe (22.), Mungiako Ager Izagirre (23.). Horiek denek urtero 72.500 euro inguru poltsikoratzen dituzte, Espainiako ministroen pare. Zerrendan gertu dituzte, 68.000 euro inguruko soldatarekin, Gernika (38.), Leioa (39.), Beasain (40.) edota Bergarako (41.) alkateak. Lehen postuko gehienak Bizkaikoak dira, eta EAJkoa ez den lehen alkatea aurkitzeko 67. posturaino joan behar dugu: PSEko Miguel del Toyos eibartarra. Nahiz eta, egiari zor, zerrendan ez direnez alkate guztiak agertzen, 74.000 euro irabazten dituen Portugaleteko PSEko Mikel Torres aipatu beharko genuke, berbarako.

Datuoi eta norberaren nominari begiratu azkarra eman ostean, galderak arrapaladan etortzen zaizkigu. 3.800 biztanle eskas dituen Zestoako alkateak (EAJko Josetxo Mendizabal) urtero 53.234 euro (%47 igo zuen) irabazteak zentzurik al du? Langabezia %20koa eta prekarietatea zeharo zabaldua dituen Barakaldo moduko herri batean, arazo horiek konpontzeko jarritako agintariak zergatik jaso behar du horrelako dirutza herritarren poltsikotik? Herritarren artean diru gehien jasotzen dutenen klub selektoan politikari boteredunak egoteak demokraziari on ala kalte egiten dio? Hauteskundeen atarian denon ongizatea xede dutela aho bete hortz errepikatzen duten horien eta herritarren arteko soldata arrakala hain agerikoa izateak “politikarekiko” interesa gutxiagotu ala handitu egiten du? Alkatearen soldata igotzea inongo alderdiren hauteskunde-programatan azaltzen ez bada ere, zerrendako alkate horiek guztiek hartu zuten lehen erabakia horixe bera izatea ohikotzat hartu behar al dugu? Eta bereziki, alkateak alkatearen soldata erabakitzea, herritarron inolako kontrolik gabe, demokratikoa al da?

Zonalde eta alderdi guztientzat baliagarriak diren galderak dira, baina gurera etorrita, EAJko eta PSE-EEko zuzendaritzak EUDELen adostutako irizpideek legezko bilakatu dute jokabide hau, tokian tokiko errealitate ekonomikoa alboratuz. Soldatak aurrean ikusita, agian errazago ulertuko dugu zergatik diren hain ugariak enpresarioak –gizartean minoria direnak– aginte postuetan.

Herritarren zerbitzura lan egiteko prestutasunak konpromiso zehatzekin batera lagunduta behar du. Eta, jakina, ordezkari publikoek, bizitza publikoan pisu nabaria dutenez, eredu izan behar dute.  Beraz, ordezkari publikoek zergatik ez kobratu tokian tokiko herritarrek hilero jasotzen duten batez besteko soldata? Langabetuak ere kontuan hartuta, noski. Gaur egun datu hori Eusko Jaurlaritzak eskaintzen du, eta herriari, tokian tokiko errealitateari, lotutako neurri berdinzaleagorik nekez lortuko dugu. Herritarrok bizirauteko batez beste kobratzen duguna alkateak ere kobratuko balu, ez al luke politikarekiko mesfidantza orokorra apaldu eta herritarron parte-hartzea erraztuko? Ez al luke lagunduko, agintean dagoen alderdiaren kolorea edozein delarik ere, hain debaluatua dagoen “politikarien hitzari” merezi duen balioa ematen?

3 iruzkin - “Alkate izatea negozio borobila da”

  1. zergatik milaka “vasquit@”-K PNV-ko jauntxoak bermatzen eta sostengatzen dituzte?. Ez dute nahi ezta entzun ere lapurrak direla.
    Zer gertatu zen Jordi Puyol-kin?

  2. Demagogia hutsa!!!
    Alkete duin batek 24 orduko lanandiak ditu 7 egun astean. 3.000 edo 10.000 bistanleko herriak kudeatzen.
    Beraien soldata ezin daiteke konparatu astean 40 orduko lanandia eta astebukaerak libre duen langele batekin.

    • 24 orduko lanaldia duen inor gutxi existitzen bada, egon ziur horien gehiengoa ez dagoela udaletxeetan. Eta hala balitz, arazoa alkatearena ere litzateke beste inon onartzen ez den lan-esplotazio hori onartzeagatik. Baina, aizu, hori pentsatzeak lasaitzen bazaitu, horrek justifikatzen duelakoan alkateak bere buruari jartzea nahi duen dirutza… ba tira, Olentzero gurasoak ez direla pentsatzea ere polita da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.