Stephen Hawking eta Eusko Labeldun esklaboak

Jane Wildek 19 urte zituela ezagutu zuen Stephen Hawking. Ordurako bi urteko bizi-itxaropena diagnostikatu zioten Hawkingi. Halere, Wildek 25 urtez zaindu zituen zientzialaria eta elkarrekin izan zituzten hiru umeak. Gizona XX. mendeko astrofisikorik ezagunena bilakatu zen eta emakumea haren lehen emazte.

Sare sozialetan bolo-bolo ibili den testu batean Roy Galán idazle galiziarrak ez du zalantzarako tarterik uzten: “Hawkingek izan zuen gaixotasun larria bere emazteak eduki izan balu, emaztea beste emakume batek zaindu beharko zuen; zientzietako jenio batek, gizon batek, ezingo baitzuen bizitza alferrik galdu inoren zaintzan”. Hori ez dugu inoiz jakingo, baina ziurra dena da Hawking aberatsa zela. Eta diruarekin dena eros omen daitekeen gizarte honetan hain intimoa den zaintza ere eros zezakeen. Baina soldata arrunta duen euskal herritarren gehiengoak? Dependentzia egoera antzeko batean izanez gero, 365 egun eta 24 orduko zaintzari nola egingo genioke aurre? Poltsikoari erreparatuz gero, erantzuna argia da: ezinezkoa. Baina egunero zenbat emakume ikusten dugu adineko norbaiten alboan, zaintzan? Datuek argiago diote: EAEn 12.000 bat emakumek egiten dute lan etxe barruko zaintzan. Horietatik 4.000 Errumania, Portugal eta Bulgariatik etorri dira, beste guztiak, Erdialdeko Amerika eta Hego Amerikakoak dira. Etxe barneko zaintzan ari diren pertsonen %80 emakume atzerritarrak dira.

Beraz, ekonomikoki zerk egiten ditu posible 24 orduko zaintzak? Gakoa emakume migratuek beraiek emango digute: esklabotza. Zumaiako Malen Etxearen “Errealitatea eraldatu, lan berdinak denontzat” txostenak esklabotza erabiltzen du etxe barruko emakumeen egoera definitzeko, baita galdera lazgarriak luzatu ere: irudika dezakegu emakume heldu batentzat zer den denerako baimena eskatu behar izatea? Sartu, atera edo jan egiteko? Aisialdirako denborarik gabe bizitzea? Eta hori guztia inolako lan eskubiderik gabe (8 orduko lanaldia, oporrak, bajak, egun libreak…) eta gehienetan lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez den ordainaren truke.

Zainduak izateko beharra dugunean, urrunetik ekarritako emakume baten beharra dugu. Euskal Herrian eskaintzen dizkiegun baldintza ‘esklabo jatorrak’ onartzeko beste aukerarik ez duten bakarrak direlako. Baina egoeraren gordina ikusita, zergatik ez da arrabotsik sortzen administrazio publikoak lanbidea duindu dezan? Bada, antza, ez dugulako ikusi nahi, gizarte gisa zatartzen gaituen ispilua da. Agian horregatik dio mugimendu feministak, prostituzioarekin batera zaintza dela emakumeen ikusezintasunaren adibiderik gordinena.

Zaintza langileen egoera duintzearen alde lanean ari da Zumaiako Malen Etxea elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.