The Arlotes, herri sorkuntza bizidunak

Tabernan zigarroak eta kalean kontainerrak erretzen ziren garaikoak dira The Arlotes euskarazko marrazki bizidunetako protagonistak. Umorez eta musikaz lagundurik, Ruben Sanchez eta Uraitz Soubies, proiektuaren egileek, elkar ezagutu zuteneko XX. mende amaierako Gasteiz hura ekarriko dute gogora. Hamar kapituluetatik lehenengoa astearte honetan ARGIAko Beranduegi saioan izango da ikusgai.

Zumaiako taberna batean genuen zitara ordenagailua besapean etorri zen Ruben Sanchez laguna iazko uda partean. Aspaldi buruan zuen proiektua aurrera eramateko hautua hartua zuela eta horrekin nola egin aurrera mintzatzeko asmoz.  Ideiak argi eta poltsikoa huts, pobreak pobreari laguntza eske. Euskal prentsa eta euskalgintzaren ohiko egoera. Kasu honetan ordea, The Arlotes-eko lagunek erakutsi digute erakunde publikoen laguntza ezak ez duela zertan muga izan behar. Gertukoak duela, ideiarekin ongi asmatuz gero, edozein proiektu garatzeko gaitasuna. Kasu honetan, auzolan ekonomikoaren bertsio modernoaren bitartez, crowdfunding-a, inguruko lagunek emandako ekarpen txiki askori esker eta ARGIA bezalako komunikabide baten babesa nahikoak izan dira proiektua gauzatu eta jendeari libre eta doan eskaintzeko. Beste proba berri bat, beraz, norberak egindako lanean sinistu eta hura beharrezko tokietan defendituz gero oraindik badela proiektu herrikoiak aurrera ateratzen laguntzeko prest den komunitatea. Ruben eta Uraitzek egin moduan.


Pasa den astean izan zuten lehendabiziko emanaldi publikoa Gasteizen, Korrika Kulturalaren ekimenen barruan eta datorren asteartean guztiontzako ikusgai izango da The Arlotes-eko lagunen ibileren lehenengo atala. Ruben eta Uraitz, bertsolari eta musikari bat elkarrizketatzea gurean oso ikusia dagoenez, Harry, Bego, Iñi, eta Goiz protagonistei beraiei galderak egitea bururatu zaigu. Garaiko emaila zen faxari hautsa kendu eta hogei bat urte atzera egin dugu haien berri zuzenean izateko.

– Gasteiztarra eta izenez Harry. Serie honetako zuzendarien mailegu artistikoa?
Harry: Begira, ez dakigu oso ondo nor dagoen elkarrizketa honen atzetik, guri galderak faxez iristen zaizkigu Gasteizko Gaztetxera. Edonola ere, ‘The Arlotes’ honezkero errealitatea da, baina ez gara pertsonaia batzuk. Kantak sortzen ditugu, kontzertuak ematen ditugu (hurrengoa Altsasuko gaztetxean, bide batez). Niri Harry esaten didate. Koadrilakoek jarri zidaten goitizena, berez, Harry zikin da… Baina nire benetako izena Raimundo da.

– Askok nostalgiaz begiratzen dioten XX mende amaiera horretan, zer bizi-larru? Zer erakutsi behar diguzue arloteek?
Bego: Munduan danok gabiz arlote, batzuek kontrakoa pentsatu arren. Guk bidea pausuak ematean egiten dogu, eta XX. mendearen bukaera honetan pausu asko eta azkarrak ematen direz nonahi. Azkar bizi gara, mundua jan nahian, munduak jan ez gaitzan. Gu herri txiki bateko giro berezi batean sorturiko musika talde bat gara, ez dakigu zenbat iraungo dogun, baina iraun bitartean, hautsak harrotu gura doguz. Gu gara baltzak, indioak, neskak, euskaldunak… arloteak!
Goiz: Gasteizen ikasle pisu batean bizi gara, beno Harry bere amatxorekin bizi da, kar, kar. Gazteak gara eta ongi pasa nahi dugu, ortzegun gauetan ibili, musika jo, bizitza bizi…

– Gasteiz txikia izanik, Ruben Sanchez eta Uraitz Soubies herrikideak ezagutzen?
Iñi: Ruben hori uste diat bertsotan ikusi nuela aurrekoan, ez dek oso ona!
Harry: Ni baino hobea ez behintzat! Esaten dute lehen tunoa izan zela.
Bego: Uraitzek Trikixa Kontrairo taldean jotzen dau, ezta?
Goiz: Bai, horrek denetarik jotzen du! Okupa bizi da Aldabeko etxeetan.

– Parranda, rocka, ligatze abenturak, politika, mozkorraldiak eta gaztetxeak… Euskal Herriko lurralde ahaztuan eta euskaraz. ETB1ean noizko ikusgai?
Bego: ETB1ean? Bai, ETBkoei ziria sartzeko pentsatu gendun The Mr. Beans jartzea. Duela gitxi, Hitzetik Hortzera kendu dau parrillatik EAJko Joseba Arregik, hortik atara kontuak!
Harry: Bide batez, galdera bat. 20 urte barru ematen al dira pelikula pornoak ETBn? Gutxienez titi pare bat, edo?
Bego: Edo zakil txiki bat!
Iñi: Ni harritu naik Gasteizen zer giro dagoen. Hona etorri aurretik pentsatzen nian hau Castilla zela. Bai, egia dek fatxa asko dagoela, baina kasta handia ere bai!
Goiz: Baina Araba bakarrik agertzen da telebistan elurra egiten duenean! Alava como Navarra, baina San Ferminik gabe!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.